Espainiako energia-sektorea
Argi-itzalek inguratzen dute Espainiako energia-sektorea Lehenengoa agerikoa da. Bigarrenari dagokionez, ordea, jendarte orokorraren ezagutza galdu egiten da arlo askotan. Zer da energia-mixa? Zer jasotzen du argiaren ordainagiriak? Zein puntura arte gaude energia-iturri edo herrialde jakin batzuen mende, hornitu gaitezen? Elektrizitatea, erregaiak, gas naturala... oso sartuta daude gure bizitzako alderdi guztietan; hain daude sartuta, saihestezina da pentsatzea zer egingo genukeen horiek gabe. Hain ohituta gaude energia edukitzera, gutxitan galdetzen diogu geure buruari nondik etor daitekeen. Istorio orok dauka hasiera bat.
Aurrekariak. Gure herrialdean, modu intentsiboan erabili izan da energia; hau da, asko eta modu ez-efizientean erabiltzen zen, lan-merkatuari gertatu zaionaren antzera.
Espainian: Bere garaian, energia diruz laguntzea erabaki zuen gobernuak, kontsumitzaileen kostuak areagotu ez zitezen.
Sumatu ahalko duzuen bezala, garai hartako gobernua, argi eta garbi, okertu egin zen. Energia diruz laguntzean, energiaren xahuketa iraunarazten lagundu zuen, eta eraginkorra ez zen industria-egitura geratzea erraztu zuen horrek; kanpokoari dagokionez, lehiakortasuna galdu genuen.
Zenbat eta lehenago hauteman arazoa, orduan eta lehenago egokituko diezu egitura energetikoa sistemaren benetako kostuei; hots, energiaren aldagaia sartzen badiozu kostuen egiturari, lehiakortasun energetikoa doitzea lortzen duzu, inbertsio energetikoaren bidez. Energiaren kostua diruz laguntzean, inbertsio horiek egiteari utzi genion, eta estatuak begiak itxi zizkion tarifa-defizitari, gaurko mugaraino iritsi arte. 2013ko bigarren hiruhilekoan, 30.000 milioi euro inguruko defizit pilatua eduki genuen, eta eskaria jaitsi egin zen. Horren ondorioz, bidesarien diru-sarrerak murriztu egin ziren eta, gainera, defizit horren amortizazioa zaildu zen.
Espainiako energia-mixa
Herrialde bateko energia-mixa zera da, kontsumitzen den elektrizitatearen energia-iturrien multzoa.
Gure etxeetara iristen den energia ezin daiteke bereiztu gure auzokideek edo sistema elektriko berari konektatuta dauden beste kontsumitzaile batzuek kontsumitzen dutenetik; hala ere, kontsumitzen duzun energia elektrikoaren ekoizpenaren jatorria berma daiteke orain.
Xede horietarako, ekoizpen nazionaleko teknologia-nahasketaren banakapena ematen da, zure konpainia merkaturatzaileak saltzen duen energiari dagozkion ehunekoekin alderatu ahal izan daitezen estatuko batezbestekoaren ehunekoak.
Gure oraina eta etorkizuna
Gure oraina eta erronka, zalantzarik gabe, tarifa-defizita da.
Energia-sektorean dagoen gaitasun-gabeziaren ondorio dira tarifa-defizitaren kausak, edo sistema elektrikoaren kostuen egitura. Murrizketa teknikoei egozten zaizkien kostuak zuzenak diren eztabaidatu ahalko da, baita kostu horiek onartzeko mekanismoak hobetu daitezkeen, potentzia bermatzeko onartzen diren kostuak egokiak diren eta ikatzari ematen zaizkion laguntzak edo energia berriztagarriei ematen zaizkien pizgarriak egokitu behar diren ere. Alabaina, gure ustez, negoziaezina honako hau da: energiaren prezio-kasazioaren enkante-sistema sakon aldatu behar da; izan ere, lehen begi-kolpean, ez dirudi oso egokia denik energia hidraulikoa edo nuklearra, adibidez, Espainiako energia-mixa osatzen duten gainerako energiak sartzen diren enkante-sistema berean sartzea, horien instalazio asko guztiz amortizatuta baitaude eta ekoizpen-kostuak askoz txikiagoak baitira, merkatuan beren aurka lehiatzen direnekin alderatuz gero.
Zer lortuko dugu enkante-sistema aldatzen badugu?
Xede argi bat lortuko dugu, eta kolpe batez jaitsiko da energiaren kostua. Zein kopurutan jaitsiko den, hori ez dakigu, baina matematikoki ziurra da energia hidraulikoa eta nuklearra enkantetik ateraz gero energiaren prezioa jaitsi egingo dela, erregulazioa behar bezala egiten bada.
Energiaren prezioa jaistea lortzen dugunean, bi aukera edukiko ditugu: batetik, erregulatutako zatia proportzio berean areagotzea, tarifa-defizit pilatuaren kostuari aurre egiteko eta, horrela, zorra amortizatzea lortzeko (putzutik ateratzean, erregulatutako kostuak jaitsi ahalko dira, eta, beraz, kokaleku ona eduki ahalko dugu lehia-merkatuan, etorkizun ez oso urrunean), eta, bestetik, kostu horiek ez areagotzea. Horrekin, zuzenean murriztuko lirateke kostu energetikoak, eta ekonomia dinamizatzea ekar lezake horrek; izan ere, lehiakorragoak izan ahalko ginateke kanpoan. Horrek, era berean, eskaria areagotzea ekarriko luke, eta, horrekin, diru-sarrera erregulatuak areagotuko lirateke, eta, horren ondorioz, defizitaren amortizazioari aurre egin ahalko genioke.
Ozenago esan daiteke, baina ez argiago.
Beste alde batetik, negoziorako, enplegua sortzeko, independentzia energetikorako eta jada zimelduta dagoen sistema berrorekatzeko aukeratzat har daiteke energiaren guztizko liberalizazioa. Azken baliabideko tarifa (kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioa ere esaten zaiona) desagerraraztea da bete gabe dagoen eta gobernuak jorratu behar duen beste betebeharretako bat, etorkizunean defizita areagotzea nahi ez badu.
Ezin daitezke gaurko arazoak konpontzeko erabakiak hartu, etorkizunean edukiko dituzten ondorioak kontuan hartu gabe. (Gobernua eta lobbyak). Konpainiek hiru hiletik behin ematen dute kontu, eta politikariek lau urterik behin. Denbora-tarte horiek ez dira nahikoak, ez gure energia-sistema ondo kudeatzeari begira, ez gure herrialdearen interesetarako.
Gure berehalako oraina: beste modu batera kudeatzea energia-sistema, lehentasuna emanez interes publikoei (interes indibidualen aurrean) eta denbora-tarte egokiak erabiliz, edo jada zaurituta dagoen oraina hondatuko dugu...
Nor da nor!
Hauek dira energia elektrikoaren hornidurari zuzendutako jarduera nagusiak:
Sorkuntza: Energia elektrikoa ekoizten bakarrik jarduten duen industria guztia da sorkuntza. Bertan, ohiko araubideko sorgailuak (ziklo konbinatuko teknologiak, nuklearra, ikatza, fuel-olioa eta hidraulika handiak) eta araubide bereziko sorgailuak daude (besteren artean, energia berriztagarriak).
Garraioa: Energia elektrikoa metatzeak duen zailtasunaren ondorioz, garraio-sarearen bidez garraiatzen zaio sortutako energia kontsumitzaileari, zuzenean. Goi-tentsioan (380Kv) garraiatzen da, sistemaren galerak gutxitze aldera. Garraioa monopolio naturala da, eta Espainiako Sare Elektrikoa (REE) da goi-tentsioko sistema elektrikoaren garraiolari eta eragile espainiar bakarra. Horrexek kudeatzen, eusten eta konpontzen du azpiegitura osoa.
Banaketa: Energia elektrikoa kontsumo-guneetan hornitzeko banaketa-instalazioak eraikitzea, horietan jardutea eta horien mantentze-lanak egitea da banaketa. Baita, tarifak guztiz desagertu arte, eta, modu iragankorrean, azken baliabideko hornidura desagertu arte, energia azken kontsumitzaileei edo energia hori tarifapean erosten duten banatzaileei (Endesa, Iberdrola, Gas Natural, E-on) saltzea ere.
Merkaturatzea: Energia elektrikoa erostea eta saltzea da merkaturatzea (www.omel.es). Merkaturatzaileek eguneroko edo egun barneko merkatuan eros diezaiekete energia ohiko araubideko nahiz araubide bereziko sortzaileei eta beste merkaturatzaile batzuei (Atlas Energiari, adibidez), eperako merkatuan. Bestetik, kontsumitzaileei sal diezaiekete energia, kontratazio askearen bidez, edo zuzenean sal diezaiekete energia eguneroko eta egun barneko merkatuari eta beste merkaturatzaile batzuei, eperako merkatuan.
Erakunde arautzaileak
Ahal arautzailea eta erregulatzailea duten erakundeak dira:
Energia-sektorearen liberalizazioa
1997tik, pixkanaka liberalizatu da energia elektrikoa, eta, horren ondorioz, enpresa banatzaileek, apurka-apurka, enpresa merkaturatzaileei (atlas® energiari, esaterako) eman diete elektrizitatea hornitzeko eginkizuna.
90eko hamarkadan, hainbat sektoreren liberalizazio-prozesua hasi zuen Espainiak; hala nola, hidrokarburoen edo telekomunikazioen sektoreena. Prozesu horrek sektore elektrikoari ere eragin zion, eta bere esparru arautzailea malgutu egin zela ikusi zuen. Horrekin, lehia-arauen mendeko merkatuan energia elektrikoa modu askean trukatzea ahalbidetu zen, eragile berriak agertu ziren, eta kontsumitzaileek hornitzailea hautatzeko askatasuna eskuratu zuten. Sektorearen efizientzia eta bezeroei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi izan zen neurri horiekin.
Liberalizazioaren onurak
Berez, argiaren ordainagiria merkatzeko asmoa dauka tarifen liberalizazioak. Zenbat eta kontsumitzaile gehiagok jo merkatu librera, berez, orduan eta eskaintza gehiago eta hobeak emango dituzte elektrizitatea merkaturatzen duten konpainiek. Epe ertain eta luzera, behintzat. Beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala.
Etxeak:
Etxeen % 76 gobernuaren azken baliabideko tarifaren mende daude, baina ez dirudi aurreztea ekarriko dienik horrek, erregulatutako tarifa baita, eta hazten joango baita...
Zer da tarifa-defizita?
Tarifa-defizitaren kontzeptua definitzeak eta azaltzeak, behinik behin, osagai paradoxikoak dauzka. Hornidura elektrikoaren kostuaren eta tarifa elektrikoaren (hau da, elektrizitatearen prezioaren) artean dagoen aldea da tarifa-defizit elektrikoa. Oinarrizko errudimentu bat bezalaxe, energiaren prezioak eta kostu erregulatuek eratzen dute horniduraren kostua. Sorkuntza-merkatuan zehazten da energiaren prezioa; kostu erregulatuak, berriz, erabaki administratiboen edo "politikoen" mende daude, eta horietan sartzen dira garraioaren ordainsaria, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien pizgarriak, penintsulatik kanpoko sistemen ordainsaria, ikatzaren dekretuaren gainkostua, tarifa-defizit mugaeguneratuaren ordainketa eta horren itzulketa, besteak beste.
Beraz, tarifa (estaldurari begira) urria izateko arrazoiak hemen dauka jatorria: ikuspuntu politikotik begiratuta, elektrizitatearen prezioa erregulatutako prezioa dela balioesten da, eta, hortaz, baliteke prezio hori eratzen duten kostuen azken prezioa nahikoa ez izatea. Administrazioak esku hartzen du elektrizitatearen azken prezioan, eta horregatik sortzen da polemika prezioaren hiruhileko berrikuspena egiten denean. Beste energia-iturri batzuek (hidrokarburoak edo are gasak ere, adibidez) ez daukate elektrizitatearen prezioek duten karga emozional eta politiko hori.
Tarifa-defizitak izaera bikoitza dauka. Alde batetik, zor-stocka da, tarifa-alde hori orekatzen ez den neurrian handiagotu egiten dena. Eta, bestetik, ohiko defizita dago, defizit berria, tarifa-berrikuspen bakoitzarekin sortzen joaten dena. Termino horietan, zifrak eskandalagarriak dira, 24.000 milioi euro pilatu baitira ia, horien finantzaketa, osagaiak (propioak edo inpropioak) nahiz osagai horien bilakaera gorabehera. Ondoz ondoko artikuluetan ikusiko ditugu kontu horiek guztiak, pieza erraz eta didaktikoen bidez.
2011rako, 3.500 milioi eurokoa da defizita (Energiaren Batzorde Nazionalak oraindik ez ditu likidatu), eta batzorde horrek ekitaldi hasieran tarifa-gaietan hartu dituen neurriekin (tarifa izoztea, araututako aldearen hazkundea konpentsatu gabe eta beste alde batera begiratuz, Auzitegi Gorenaren epaiari dagokionez) sobera gaindituko dira 2012rako zorrean aurreikusi diren 1.500 milioiak. Gobernuak ondoz ondoko dekretuetan onartzen dituen programak (defizita desagerrarazteari begirakoak) betetzeko ezintasun iraunkorrak eta ekonomian dauden finantzaketa-zailtasunek erre dute prozesu hori, eta ez ditzagun ahaztu Europar Batasunak eskatzen dituela programa horiek, finantza-kalitatea hobetze aldera.
Defizit horren izaera "politikoa" ikusirik, irtenbide "politikoak" eskatzen dituzte batzuek, ez oso sofistikatuak. Hala, aukera sinplifikatuak entzuten dituzte (hala nola, "kita" deiturikoa defizit pilaturako, edo zerga-ezarpenak etorkizuneko teknologietarako); batez ere, tarifen igoerak eztitzeko edo tarifa elektrikoaren kostu inpropioak ateratzeak kontabilitate publikoan eduki dezakeen aurrekontu-inpaktua saihesteko.
Defizitak hainbat ezaugarri dauzka, oso berezia egiten dutenak. Lehenengoa eta nagusia zera da, bezeroek/erabiltzaileek "tarifapean" egindako kontsumoan duela jatorria zor horrek. Hau da, ohiko kontsumoak sortzen duela zor hori. Imajinatu, autoa erosteko zorpetu ordez, gasolina erosteko zorpetzen zarela. Bistan denez, ez da oso zentzuzkoa. Energiaren prezioak denbora askoan horrela kudeatzea erraza eta askatzailea zen, beste alde batera begiratzen baitzen. Tigre gainean bizitzea da gaur.
Erronkak eta oztopoak
Datozen urteetan, erronka handiak izango ditu sektoreak. Ondoren, zeintzuk diren eta elkarrekin nola gainditu ditzakegun aztertuko dugu.
Energia-sareen optimizazio adimenduna eta bezeroekiko elkarreragina
Energia-sektorean gertatzen ari diren aldaketa askoren epizentroan daude energia-sare adimendunak. Erronka horien artean, besteak beste, hauek aipa ditzakegu: azpiegitura zaharkituena ordezkatzea, energia garbiak sartzea eta ibilgailu elektrikoak egitea. Energia-sareen eraginkortasunik eza nabarmen murrizteko ahalmena daukate horiek guztiek, eskariaren kudeaketa interaktiboa ahalbidetuz, sarearekin banatzen diren energia-iturriak hobeto integratuz, bezeroaren esperientzia aldatuz eta energiaren erabilera berriak erraztuz.
Energia garbiagoak eta berriztagarriak
Mundu osoan, sektoreko konpainia askoren lehentasun nagusi izaten jarraitzen dute energia garbiagoek eta igorpenen zein efizientzia energetikoaren erregulazioarekin zerikusia daukaten kezkek. Enpresak aldaketa handiak ari dira egiten erregai-mixean, energia berriztagarri eta garbiagoen iturrietan inbertituz eta horiek hedatuz. Horien artean, energia nuklearra ere sartzen da.
Fusioen eta erosketen kudeaketa, hazteko
Zalantzarik gabe, eragiketa korporatiboak motore garrantzitsua dira energia-sektoreko enpresen hazkundeari laguntzeko, eta hainbat kontu (horniduraren segurtasuna eta energia-iturri garbiagoen sorkuntza, adibidez) jorratzeko behar diren gaitasunak, teknologiak eta trebetasunak lortzeko bidea dira. Nazioarteko presentzia handitu eta beren zorroetan oreka egokia lortu nahi duten enpresentzat, giltzarriak dira eragiketa korporatiboak. Sektoreko kanpo-inbertitzaileek indarrez eusten diote gogoari. Nazioarteko inbertitzaile txinatarren eragina ere garrantzitsua da, eta hazi egingo da.
Kapital-proiektuen eta azpiegituren kudeaketa arrakastatsua
Energia-sektorean, kapital-proiektuen eskakizunak sekulakoak dira. Energiaren Nazioarteko Agentziaren ustez, mundu-mailan 2010-2035 aldian pilatuko den inbertsioa, energia-sektorean bakarrik, 16,6 bilioi dolarrekoa izango da (2009ko dolar-balioaren arabera)*. Sare-azpiegitura optimizatu eta adimentsuagoan, energia-iturri berriztagarriak integratzeko transmisio-sare berrietan, interkonektatu hobeetan eta azpiegitura zaharkituenen ordezkapenean egiten diren inbertsioak premiazkoak dira, baina ez daukate zerikusi handirik erregai fosilak, energia berriztagarriak edo energia nuklearra sortzeko gaitasun berrian inbertitzearekin.
Hobetu itzazu eguneroko errendimendua eta optimizazioa
Egungo ingurunean, energia-prezio altuagoek markatutakoa hori, inoiz baino handiagoa da energia-sektoreko konpainien gaineko interesa duten taldeen presioa, efizientzia eta eraginkortasun eragilea eransteari begira. Ekoizpen-kostuak areagotu izanak, hornidura-lineen gainean ezartzen den presioak eta gero eta handiagoa eta dibertsifikatuagoa den azpiegituran inbertitzeko beharrak kostu gehigarri nabarmenak ezartzen dizkio balio-kateari. Enpresek aurreikusi egin behar dute kostuak azken erabiltzaileei eramateak zaila izaten jarraituko duela, eta, beraz, are garrantzitsuagoak izango direla barne-mailako efizientzia eta errendimendua. Beste alde batetik, gero eta garrantzitsuagoa da aktiboen kudeaketa adimentsua; batez ere, kapitala inbertitzeko programen testuinguruan, azpiegitura-kopuru handia eraiki behar den unea baita.
Ingurune arautzailearen goreneko aprobetxamendua
Betekizun arautzaile-sorta handiak eragiten die energia-enpresen jarduerei. Informazio finantzarioaren inguruko betekizunez gain, politika energetikoaren xedeei erantzun behar diete konpainia horiek, bai eta igorpenen eta klima-aldaketaren inguruko xedeei, prezio- eta tarifa-betekizunei eta gutxieneko zerbitzuaren betebehar-sorta zabal bati ere. Gainera, gero eta garrantzitsuagoak dira datuen erregulazioa eta segurtasuna.
Merkatuaren dinamika aldakorra; lehengaien prezioak, eskaintza eta eskaria eta kostuen egitura barne hartuta
Energia-sektorea sektore heldua da; bilakaeran jarraitzen du, ordea, eta aldaketa garrantzitsuak bizitzen ari da merkatu-dinamikan. Proiektuak betearazteko epe luzeek ezaugarritzen dute, baita bere negozio-zikloaren gorabehera handiek ere. Bada, plangintza estrategiko arduratsua behar du jarduerak, eta, arrakasta lortzeari begira, baita epe luzerako planteamendu solidoak ere.
Jasangarritasuna, klima-aldaketa eta hornidura-segurtasuna
Mundu osoko gobernuek eta erabiltzaileek segurtasun handiagoa eskatzen dute energia-horniduran. Garapen bidean dauden ekonomietan, hazkunde ekonomikoaren sinonimoa da energia. Ekonomia garatuetan, erregai garbiak, erraz lor daitezkeenak eta arrazoizko prezioak dituztenak hornitzea eskatzen zaie energia-enpresei.
Langile-talde kualifikatua bildu eta atxikitzea
Energia-sektoreko enpresetan, langile kualifikatuen urritasuna benetako erronka da, oraindik ere, mundu osoan. Estatu Batuetan adibidez, 50 urte ingurukoa da langileen batez besteko adina, eta sektoreko profesionalen erdia ia datorren hamarkadan iritsiko da erretiroa hartzeko adinera. Enplegatuak sektorean biltzeko estrategiak eta horiek atxikitzeko gaitasuna, hortaz, gero eta garrantzitsuagoak dira.